XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ordea eta berriz.

Ordea eta Berriz aurkaritzako lokailuak ditugu.

Kontrakotasuna edo aurkaritzako lokailuak asko dira, hala nola, ostera, aldiz, aitzitik, bizkitartean, alabaina, dena dela, hala ere, haatik...

Gaur, ordea eta berriz baino ez ditugu aztertuko.

Azken hau esanahiari dagokionez, ez da beti ordearen baliokide izaten.

ORDEA (ordean lapurteraz)

Perpausen arteko zein perpausen osagaien arteko nola halako aurkaritza edo kontrastea aditzera eman nahi denean aproposa gertatzen da lokailu hau:

(1) Ni zurekin joango naiz, aita ordea etxean geldituko da.

Ordea lokailuak bi perpaus horien arteko aurkaritza aditzera ematen du, horretarako bi perpausotako osagai bana hartuta eta biak elkarren kontrakotzat aurkeztuz.

Alde horretatik, baina juntagailuaren baliokide hurbila da:

(2) Ni zurekin joango naiz baina aita etxean geldituko da.

Tokia.

Ordea-k normalean bigarren perpausaren barnean hartzen du toki, perpaus horen osagairen baten ondoren.

Gogoan hartu behar da, hori bai, askatasun handia izaten duela lokailu hauek perpausaren barnean kokatzeko:

(3) Josebak emazteari txokolatinak ekarri dizkio, hark ordea nahiago zuen perfume on bat.

(4) Josebak emazteari txokolatinak ekarri dizkio, hark nahiago zuen, ordea, perfume on bat.

(5) Josebak emazteari txokolatinak ekarri dizkio, hark nahiago zuen perfume on bat, ordea.

Galdegaia eta aditzaren artean normalean kokatzen ez bada ere, ez du debeku handirik galdetzailearen ondoren kokatzeko:

(6) (...) ikusten zuen an egoterik etzeukala. Nola, ordea, irten?(F.I. Lardizabal, Testamentu Zarreko eta Berrico condaira, 170)

Perpausaren azken muturrean ere joan ohi da inoiz:

(7) Hiru bider jo nuen txirrina.

Ez zidan inortxok ere erantzun ordea.

Kasu hauetan badirudi perpaus bien artean gertatzen dela aurkakotasuna, kontrastea zein osagairen artean dagoen bereziki markatu gabe.